MAESTRO GARCÍA RIVERO HHLH-KO HEZKUNTZA-KALITATEA HOBETZEKO AZTERKETA ETA AUKERAK

Lan honen helburua gure eskolak dituen beharren gaineko azterketa egitea da. Eskola hogeigarren hamarkadan eraiki zuten eta konponketa eta eraberritze sakon bakarra 1983ko uholdeen ondoren egin zuen Udalak.

Eskolako OOGk erabakita (Zuzendaritza Taldeak, langileek eta Guraso Elkarteak) lan taldea sortu genuen, eskolaren egiturazko arazoekin kezkatuta. Beharrak gero eta nabarmenagoak dira. Izan ere, eraikinak ez ditu inolaz ere beharrak asetzen, ez neurriei dakokionez, ez eta ezaugarriei dakokionez ere.

Txostenean zehar eraikinaren ezaugarrien eta premien arteko desorekak agerian geratzen dira. Egoera iraultzeko konpromisoa hartu du OOGk, eskolako komunitatearekin batera eta instituzioei esku-hartze zuzena eskatzen diegu, egoera honi konponbidea bilatze aldera.

Gure eskaerei erantzuteko une egokia eta aproposa dela deritzogu. Hauteskundeen zurrunbiloa atzean utzita, hiritarron eskubideetan eta zehazki, haurren eskubideetan arreta jartzeko unea iritsi da. Halaber, Atxuriko tren geltokiaren itxiera kontuan hartzeko aukera ezin hobea dugu.

Auzoko Lokomotorak ekimenarekin elkarlanean ari da eskola zeregin horretan. Lokomotorak, Atxuriko Auzo Elkartetik abiatzen den ekimena da, eta tren geltokia auzoaren azpiegitura beharrak asetzeko espazio gisa aldarrikatzen du. Eskolako komunitateak Garcia Rivero ikastetxea zabaltzeko eta erabat zaharkitua geratu den ikastetxea eraberritzeko aukera gisa ikusten du tren geltokia zena.

Zabaltze hori nahikoa ez, eta eskolak behar dituen hainbat konponketa, zein hobekuntza, mahai gaineratu nahi ditugu txosten honetan. Gure helburua, beti ere, geure haurren heziketaren kalitatea eta ondorioz, ongizatea, bermatzea da.